Skip to main content

2024 Kilometroen aurkezpen ekitaldia

2023/12/06

Abenduaren 5ean 2024ko Kilometroak festaren aurkezpen ekitaldia egin genuen Azpeitiko Soreasu antzokian. Koloretako eguzki lorea da 2024ko Kilometroak jaiaren logoa, eta Izpiz izpi leloa. 3 ardatz nagusi izango ditugu urte guztian zehar lantzeko: euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza.

 

Herriko Soreasu antzokian egindako ekitaldian Kilometroetako logoa, leloa eta webgunea aurkeztu dizkie ikastolak bertako kideei eta herritarrei. Urte osoan, “auzo lan handirako” ez ezik, gozamenerako deia ere egin die han bildutakoei. Hala amaitu du ekitaldia Olatz Prat ikastolako guraso eta aurkezleak: “Asko dugu egiteko. Elkar hartu eta, eskuz esku, pausoz pauso, IZPIZ IZPI, goza dezagun bidea!”

“Txikira” egingo ditugu 2024. urteko kilometroak Azpeitian. Txikitik, baina “helburu handiekin”. Hain justu, helburu horiek aurkezteko baliatu dugu aurkezpen ekitaldia. Hiru helburu edo ardatz zehaztu dira: Euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza. Hiru ardatz horien bueltan izan da ekitaldia.

 

Ekitaldiaren amaieran Igor Aranbarri eta Amaia Mendizabal ikastolako Artezkaritzako kideek hartu dute hitza. Artezkaritzako kideek gogoan izan dute istripuz orain gutxi hil den Andoni Garaizar. Ikastolako gurasoa eta Artezkaritzako kidea zen, eta berak lagundu zuen kilometroetako urtea abiatzeko eta helburuak zehazteko egindako lana. “Noraezean geundenean berak argitu zigun bidea”, nabarmendu dute Aranbarrik eta Mendizabalek, eta honakoa gaineratu: “Zuk argitutako bidea, izpiz izpi jarraituko dugu!”.

 

Aurtengoan Azpeitian egiten diren laugarren kilometroak izango dira, 1979, 2000 eta 2011 egindakoen ondoren. Olatz Prat aurkezleak esandako moduan: “Ez da lehen aldia, baina, aldi bakoitza da berria, nolabait. Izan ere, lehenengo hartatik eta gerokoetatik aldatu dira ikasleak, gurasoak, irakasleak, aldatu da Ikastola, herria, gizartea, eta, ezinbestean, aldatu dira beharrak ere. Horregatik, lehen aldiaren errespetuz eta ilusioz ekiten diogu bide honi, garenetik eta dakigunetik, izan nahi dugun horretan jarririk begiak, indarrak… eta izpiak”.

 

 

 

2024 Kilometroen aurkezpen ekitaldia

Albisteak

2024-04-28
Aniztasun Izpiak, Kilometro Txikia eguna arrakasta handiz ospatu zen. Eskertza posible egin zenuten guztioi.
2024-04-19
Gaur, Kilometroen Kultur Izpiak egitasmoaren baitan, Ikasle Topaketa ospatu da Azpeitian. Bertan, Oiongo, Zangozako, Getxoko, Baionako eta Azpeitiko ikastoletako ikasleek parte hartu dute.
2024-04-13
Otsailaren 17an Tuteratik abiatu eta urriaren 19an Azpeitian amaituko den etapazko ekimenaren hirugarren etapa ospatu da larunbat honetan, Faltzestik Lerinera.