Tanta

ZER DA TANTA:

Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da TANTA, herritarrek Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikarituko dena.

TANTA ekimenean txartel batzuk jarriko dira herritarren esku. Herritarrek bost euroko ekarpena egingo diote Euskal Herriko ikastolen proiektuari, TANTA txartel bakoitzeko. Ekarpen horri esker, ikastolok gure proiektua aurrera ateratzeko bultzada ekonomikoa jasoko dugu.

TANTA txartelaren bitartez, herritarrak partaide izango dira ikastoletako egungo ikasleen garapenean, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, euskaldun eleanitzak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak.

TANTA txartela erosten dutenek, 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute.

TANTA egitasmoa ikastolen jaien ekimenez sortu da. Jaiok finantzatzeko, egunean bertan eta urtean zehar diru sarrerak lortzeko bideak irekitzen dira (arropa salmenta, txosnak, tonbola, sarrerako kutxak, kultur eta kirol ikuskizunak…).  Baliabide horietako bat zozketa izan da. Jai bakoitzak bere zozketa antolatu izan du orain arte; dirua, auto bat, bidaia bat.... Helburua bera izanik ­–jaien autofinantzaketa–, bost zozketa horiek egin beharrean, ikastolen jaiek elkartasun txartelak egitea erabaki dute, eta TANTA sortu dute.
 

ELBIRA ZIPITRIA:

TANTA egitasmoarekin IKASTOLA EREDUA ere azaldu nahi da; nondik gatozen, non gauden eta nora joan nahi dugun. Modu labur eta didaktikoan, ikastolen Historiaren eta egitekoen berri eman nahi dugu, eta horretarako, ikastolen ibilbidean gako izan diren gertakari, une eta pertsonen berri emango da, bilduma bat osatuz.

TANTA abiatzeko aukeratu den lehen pertsona Elbira Zipitria da. Irakasle, pedagogo, ikastolen sortzaile eta lehen ikastolen eta egungoen arteko zubi izan zen Zipitria, bai eta ikastoletako irakasleen irakasle ere, berak sortu zuen irakasle eskolaren bitartez.

Frankismoaren urte gogorrenetan isilpean eta ausardiaz jokatu zuen, eta beraren bitartez txertatu zen ikastolen oinarrian euskarazko irakaskuntza aurreratu eta aurrerakoia eskaintzeko xedea.
 

NOIZ ETA NOLA ESKURATU

TANTA txartelak abendutik aurrera egongo dira eskuragarri ikastoletan eta ekimenarekin bat egiten duten denda, elkarte eta tabernetan. 

Beheko eskaera orria betez gero etxean jaso dezakezu zure Tanta txartela. Arestian aipatu bezala, bost euroren truke eskuratu ahal izango dira elkartasun txartel hauek.

60.000 euroko sariaren zozketa urriaren 21ean egingo dute, notario aurrean.

ESKAERA EGITEKO AZALPENAK:

  • Orri honen amaieran dagoen galdetegia bete (izen-abizenak, helbidea, herria,  telefono zenbakia edo sakelakoa eta erosi nahi dituzun Tanta txartel kopurua zehaztu).
  • Eskaera jasotzen dugunean, mezu bat bidaliko dizugu ordainketa irizpideak azalduz.
  • Produktua zuk zehaztutako tokian jasoko duzu ordainketa egin ondoren.
  • Bidalketa gastuak Kilometroak-ek ordainduko ditu.