Kilometroak eta Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketak bat eginik

Aurtengo Kilometroak izango dituen berezitasunen artean, ibilbidearen 2.gunean aurkituko dugun Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa izango da. Oñatiko San Migel jaiak direla-eta, Gipuzkoako Ikastolen aldeko festa astebetez aurreratu da eta hala, bat egin du Oñatin ospatzen den Nazioarteko Artzain Txakur Lehiaketarekin. Bi festek elkar elikatuko dute, biak ere, irailaren 24an egingo baitira. 

Kilometroak 2017ko antolatzaileek adierazi dutenez, “aurtengo Kilometroak eguna herritarrekin batera antolatzea izan da helburua eta hori horrela, bi antolakuntzek elkarlanaren bideari ekin diote”. Oñatiko, Santa Lutzia zelaia Kilometroak eguneko bigarren gunean kokatzen da. Gune hori, etxeko gaztetxoenendako gunea izango da eta hori horrela, txapelketaren antolatzaileek uste dute, erakusleiho polita izango dela: "Inoiz txapelketa ikusi ez dutenek edo txapelketa ezagutzen ez dutenek artzainen lana ezagutzeko aukera izango dute. Bereziki, gazteengana heldu gurako genuke”, diote.

Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketaren nondik norakoak

Goizeko 10:30ean emango zaio hasiera nazioarteko txapelketari. Aurtengoa 58. edizioa da. 1955. Urtean ospatu zen lehenengoz txapelketa. Bost urteko etena izan zuen txapelketak, 1961etik 1967ra bitartean eta ordutik, urtero-urtero ospatu da.

Guztira 14 bat txakur arituko dira lehian aurtengo txapelketan. Horien artean daude iazko txapeldun Marcel Uhalde, Euskadiko txapelduna eta azpi-txapelduna, Arabako txapeldun Fidel Alonso, Gipuzkoako Txapeldun Jose Mari Bengoa, Nafarroako txapeldun Antonio Alustiza, Bizkaiko txapelduna, Iparraldeko Roger Jauretxe, Balear Uharteetako Miguel Adrover, Castellongo Juli Vayot, Tarragonako Jose Mari Pleguezuelos eta Bartzelonako Hilario Novillo, besteak beste.

Arrazari dagokionez, barietate desberdineko txakurrek hartuko dute parte. “Betiere, txakurrik onenen presentzia izango da Oñatin”. Egun horren, gainera, egiaztatu ahal izango da euskal artzain txakurra zenbateraino hobetu den.

Txakurrek, beti bezala, bi ariketa egin beharko dituzte. Lehenengoan, aurretik zehaztutako ibilbide batean ibili eta epaimahaiak aukeratutako hesi-tartetik pasa beharko dute artaldea. Bigarrenean, artaldea hartu eta zelai erdian dagoen eskortan sartu beharko dute.

ERRONKAko finala, Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa egiten den gunean

Ez dira ordea, Santa Lutzia zelaiko ekintzak goizean egingo den Artzain Txakur Lehiaketarekin bukatuko, izan ere, Erronkako finala, han bertan jokatuko da. Finaleko frogak keinu egingo dio artzain txakur txapelketari; izan ere, txapelketa hori irudikatuko da, beste proba osagarri batekin batera.