Zirkuitu "atsegin, eroso eta polita" prestatu dugu

Bost kilometro pasatxo izango ditu aurtengo zirkuituak. “Oñatiko ikuspegi ederra eramango dute irailaren 24an bisitan datozen euskalzaleak” adierazi dute antolakuntzatik. 89ko ibilbidearekin antzekotasun handiak ditu. “Ibilbidea oinarrian berdina da, baina zenbait toki aldatu ditugu irisgarritasunean irabazteko eta guztiok ingurune eder honetaz gozatu ahal izateko”. 

Zirkuituak bi sarrera izango ditu, biak ala biak plazako gune nagusira eramango dutenak: bata kiroldegi parean eta bestea Txaketuako bidegurutzean. Hauek izango dira sarrera nagusiak, izan ere irailaren 24an Oñatira gerturatzeko bide bakarra egongo da erabilgarri: Udanako mendatea trafiko orokorrerako itxita mantenduko da eta trafiko guztia Elorregiko (San Prudentzio) biribilgunetik desbideratuko da. Handik sei parking erraldoi atonduko dira eta parking bakoitzetik autobus zerbitzu berezia eskainiko da Oñatiko erdigunera iristeko.

Zirkuituak lau gune nagusi izango ditu. Lehenengoa eta handiena Oñatiko herriko plazan kokatuko da. Bertan burutuko da irekiera ekitaldi nagusia eta hau izango da bisitari guztientzako abiapuntua. Gune hau bi zatitan banatuko da. Zati bat plazan kokatuko da. Rural Kutxak babestuko du eremu hau eta bertan izango da guneko eszenatoki nagusia. Adin guztientzako ikuskizunak izango dira bertan. Beste zatia plazako frontoiak osatuko du eta eremu hau nagusiki haurrei zuzendutako gunea izango da. Honetaz gain, Seguratik etorritako laguntzaileei esker, Kiroldegiko kantxa jantoki bihurtuko da eta Luma Gorrik eskainitako oilaskoa dastatu ahal izango da.

Bigarren gunea San Martin inguruan kokatuko da. Gune hau gaztetxoei zuzenduta egongo da gehien bat. “Natura abentura” parkea eta futbolin erraldoia izango dira bertan aurkituko diren ekintzetako batzuk. Gune honetan ere goizean zehar Oñatin urtero ospatzen den Nazioarteko Artzain Txakurren Txapelketa ospatuko da. Ibilbidearen hirugarren gunea Asentzion kokatuko da eta Kutxa fundazioak babestutako gunea izango da. Bertan burutuko dira eguneko kontzertu aipagarrienak. 

Azken gunea, laugarrena, ibilbidea eta egitaraua itxiko dituen gunea izango da. Santa Lutziako ermita inguruan kokatuko da. Bertan Erronkako finala jokatuko da eta Gipuzkoako 22 ikastoletatik etorritako taldeak lehiatuko dira. Talde guztiak 13-15 urte bitarteko gazteez osatuta egongo dira eta egun guztian zehar burutuko diren probetan lehiatu ondoren, azken proba burutuko da hemen.

Santa Lutziatik, Berezaoko industrigunerantz jotzen du ibilbideak. Eroskiko aparkalekuan Euskalgintza eta artisauak izango dira egun guztian zehar. Bertatik, Bidebarrieta kaleruntz abiatuta plazaraino iritsi eta zirkuituaren bira osoa bete ahal izango da.

Trafikoan aldaketak

Irailaren 24rako prestatutako zirkuitu honek, hala beharrez zenbait kale eta aparkaleku kentzea ekarriko du. “Bizilagun guztiei egunean bertan autoa ahalik eta gutxien erabiltzea eskatu nahi diegu eta bide batez, garajea dutenek autoa bertan sartzea ere gomendatu nahi diegu”. Egunera begira, kale mozketek kendutako aparkalekuei irteera emateko, oñatiarrentzat espreski aparkaleku bereziak jarriko direla adierazi dute.

Bestetik, Oñatira gerturatuko diren euskalzale eta bisitari guztientzat ere trenez ez gerturatzeko gomendioa luzatu dute “Legazpitik datorren errepidea, Udanako mendatea, itxita egongo da egun guztian zehar, beraz, tren zerbitzua erabiltzea ez da aukera egokia Oñatira iristeko egun horretan”. Horri irtenbidea emateko, parking bereziak atonduko dituzte Oñatiko sarreretan eta bertatik autobus zerbitzu bereziak izango dira zirkuituaren sarreraraino.