Skip to main content

Kilometroen antolakuntza urtea harremanen urtea da, aukera berriak eskaintzen dituena eta ekimen desberdinen abiapuntu izan daitekeena eta izatea nahi duguna. Ikasturte honetatik gako berri bat dago mahai gainean, Kulturartekotasuna. Euskara eta kulturartekotasuna Azpeitian proiektuak dion bezala “Euskara zubi eta helburu izatea nahi dugu. Denon artean eta denontzat egingo dugu!”

Eta honek begirada berri bat dakarkigu. Gurea, gure nortasuna, ez dugu defendatuko besteengandik aldenduz, erdian jartzen baizik. Besteekin egingo dugu bidea. Besteekin gara gu.

“Gizartea osatzen duten eragileekin, aniztasuna aberastasuna bezala biziz, gure nortasuna partekatu, zabaldu eta gozatu” nahi dugu.  Hau guztia hiru ardatz nagusitan oinarrituko dugu. 

Euskara

euskara eta euskal kultura indartuz eta zentralitatea emanaz, euskaraz bizi garen herri bat garela erakutsiko da.

Kulturartekotasuna

Kulturartekotasuna ez da bakarrik geografikoki ematen den elkarrekintza, baizik eta desberdintasunak ematen diren egoera bakoitzean dago, Kulturartekotasuneko harremanak dibertsitatearen errespetuan eta elkarrekiko aberastasunean oinarritzen dira. Aniztasuna aberastasuna da, guztiok gara parte eta beharrezko eta  honen lanketan sakonduko da.

Herrigintza

hezkuntza sistemak berebiziko garrantzia du herrigintzan. Komunitatea, atxikimendua, saretzea, nortasuna, harremanak… urte bateko ibilbidean, ondo pasatuz indartu nahi diren balioak dira.

Hau izango da gure Kilometro urtearen ildoa, honetan jarriko ditugu gure indarrak eta baliabide ekonomikoak, lehen harriak jarri eta zubiak eraikitzen hasteko eta jarraitzeko, Kilometro urtea amaitu eta gero ere jarraituko duen ibilbidea landuz.