Logoa eta leloa

Kilometroak 2020 auzolan handi bat izango da, eta, beraz, hasiera-hasieratik ikastolako komunitateak jaiaren diseinuan parte hartu du; bai eta logoa eta leloa sortzeko prozesuan ere.

Leloarekin hasi genuen prozesua. Lehenik, apirilean egindako pintxo-tertulia ekimenean, gure inguruak burura ekartzen dizkiguten ideiak oinarri hartuta, ideia-jasa bat egin genuen; ondoren, guraso, langile zein ikasleek galdetegi bidez beste zenbait aukera helarazi zizkiguten, eta, azkenik, bailarako zenbait bertsolariren laguntzaz, azken lelo-sorta osatu genuen. Hain zuzen ere, lelo horietako bat aukeratu dugu guztion artean, bozketa bidez.

Leloak hiru zati ditu:

  • Lehenak, “korri”, aurrerantz emandako pausoei egiten die erreferentzia, pilota jaurti aurreko uneari, iraganean egindako bideari.
  • Bigarrenak, “punpa”, prestaketa-garaia irudikatzen du, sakearen unea da. Oraina.
  • Hirugarren zatia etorkizuna da, “ttak”, sakea egin, pilotari gogor eman eta aurrera egiteko garaia da.

Logoa sortzeko, berriz, Haur Hezkuntzara jo genuen. Kilometroak 2020 jaiaren komunikazio-taldeak sortutako “Pilotaren itzala, euskararen taupada” ipuina kontatu genien haurrei, eta ipuinari buruzko marrazki bat egiteko eskatu. Marrazki horietako bat oinarri hartuta, diseinatzaile batek jaiaren logoa sortu zuen.