Komunikazio ildoa

Kilometroak 2020 jaiaren inguruan urte osoan zehar antolatuko ditugun ekimen guztietan eta jai handiaren egunean bertan ardatz izango dugun goiburu nagusia “eraldaketarako hazi berria” izango da; alegia, ikastolen sorrerarekiko eta jardunarekiko identifikazioa eta Euskal Herrirako hezkuntza-eredu propio eta berritzaile baten aldeko apustua.

Goiburu horren barruan, hiru ildo ditugu:

Eraldaketa

Hitz honekin aditzera eman nahi duguna da ikastolen eredu pedagogikoak berritzen ari direla etengabe (Zubimusun, 2ZIA proiektua martxan dugu). Horrez gain, ikastolen mugimendua irekia, gardena eta moldagarria dela, eta komunitateko kide guztion parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzen direla gogorarazi nahi da. Bestalde, beste hezkuntza-sareekin ere elkarlanean jardutea du helburu.

Haziak

Euskal Herriak behar duen Eskola Nazional berriaren ernamuina da ikastola. Gainera, gizarte berri bat lortzeko haziak ereiten ari gara. Baina nolako gizartea eraiki nahi dugu? Honen arabera, festak balio jakin batzuk izatea nahi genuke: parekidea eta aniztasuna errespetatzen duena, euskalduna, sortzailea eta parte-hartzailea, herritarra eta herrikoia, auzolana eta kooperatibismoa sustatzen dituena eta ingurumenarekiko jasangarria. 

Berria

Bi ideiaren isla izan nahi du hitz honek: batetik, Zubimusu ikastola berria da neurri batean, Jesusen Bihotzaren zenbait alderdirekin haustura ekarri baitu. Bestetik, Kilometroak jaia eredu berriaren arabera egingo da lehen aldiz.