Helburuak

  

 

Zarauzko ikastola izan zen euskaraz ikasi ahal izateko herrian lehen hazia erein zuen ikastetxea, pedagogia iraultzaile eta aurrerakoi batekin. Bideari legez kanpo ekinda, dozenaka gurasoren ausardiarengatik izan ez balitz, Zarautzek ez luke ikastolarik izango gaur egun. Herritarrek sortu zuten ikastola, beren diruarekin, konfiantza itsua jarrita zer emango zuen ez zekiten proiektu batean, euskaltzale eta aurrerakoiak zirelako, eta beren seme-alabentzat halako hezkuntza nahi zutelako.

Eta hala egin du bidea, hala joan da garatzen, bilakatzen, hasierako printzipio haiek ez galtzen ahaleginduz. Horregatik, herritarrengana gerturatzeko ahalegina egin nahi dugu aurten. Ainguratu gabe, aurrera begira, baina herriak sortu zuena herriarentzat sortu zelako filosofia hori albora utzi gabe, haientzat ari garela aintzat hartuta.

Kilometroak hau da molde honetako azkena. Festak jarraituko du, baina beste eredu batekin. “Era honetako azkena da, eta lehertu egingo dugu!”.

Ikastola beti izan da aurrerakoia, aktiboa, etengabe mugitu da, iraultzailea izan da, arriskatu egin du eta orain arteko apustuek emaitza onak eman dituzte. Ildo horretan segitzen dugu, batez ere EUSKALTZALE. Euskaraz bizi den eta bizi nahi duen komunitate bati oinarri sendoak jartzen, hezkuntzan marko pedagogiko aitzindariak martxan jartzen, gure etorkizuna oinarri-oinarrietatik jorratzen.