Iritzi artikulua

Beñat Ezeiza eta Nerea Urdanpilleta
Lehen Hezkuntzako koordinatzailea eta 2ZIA proiektuko LHko dinamizatzailea eta 2ZIA proiektuko Haur Hezkuntzako dinamizatzailea
2020-03-16

Zubimusu ikastola eta Kilometroak, bizi-bizirik

Duela lau ikasturte abiatutako berrikuntza pedagogikoaren bidean, buru-belarri gabiltza ikastolako 2ZIA egitasmo pedagogikoa  sortzen eta garatzen, jakitun izanik bide luzea dugula egiteke oraindik. 

Komunitatearekin elkarlanean, pertsona heztea da gure egiteko nagusia,  beti ere, gure herrietako testuinguruaren ezaugarriak eta premiak kontuan hartuta, ikasleek dituzten beharrizanei eta aniztasunari erantzunez, gizarte euskaldun, inklusibo, parekide, kooperatibo, solidario eta jasangarri baten alde. Ikastolan egiten diren eskuhartze guztiek helburu hori izan behar dute jomugan. Eta horretan ari gara azken urte hauetan. Erronka ez da makala gero!

Eguneroko praktikaren hausnarketatik abiatuta, ikastolako eskuhartze pedagogikoak hobetze aldera, adi gaude zientzia eta ikerketa desberdinek zer dioten. Urteetako eskarmentutik hasita,  Ikastolen Elkartetik prestakuntzak jasoz, hezkuntza gai askotariko hitzaldiak entzunez, beste ikastola eta eskoletako praktikak ezagutuz…, praktika eta teoriaren joan-etorri horretan,  gure ikastolako errealitateari erantzungo dion egitasmo propioa, gurea, Zubimusukoa, eraikitzen ari gara. 

Orain artean egindako ibilbide honen itzalean hamaika bilera, eztabaida, zalantza, buruhauste, neke, baina, baita ere, ilusioa, saiakera, elkarlana eta egindako lanarekiko asebetetzea ezkutatzen dira. Berritze prozesuaren lehen urratsak ez ziren errazak izan, baina, hasierako ziurgabetasuna gaindituta, lehen oinarriak sendo jarri direla esango genuke. Horretarako lan talde ona ezinbestekoa izan da eta izango da, eta lantaldeari egindako lana aitortu nahi diogu. 

2ZIA egitasmoaren antzera, Kilometroak jaiaren eredu berria ere urtetako ibilbide eta hausnarketaren ondorioa da. Lehen Kilometroak  jaia ospatu zenetik urte batzuk igaro dira. Orduz geroztik, gizartea dezente aldatu da eta Kilometroak jaiaren ereduak erantzun behar dio aldaketa horri. Hortik gaur egungo testuinguruari erantzungo dion  jai eredu berri baten beharra. Kilometroak eredu berriaren atzean ere badira hamaika bilera, buruhauste eta kezka, baina, baita ere, ilusioa, aukera eta gogoa. Eta, ezinbestean lantalde sendo baten elkarlana. Eta honetan ere, aldaketek dakarten ziurgabetasunari aurre eginez, eredu berriaren oinarriak sendo errotzeko lanean tinko gabiltza. Tinko ere, euskara, euskal hezkuntza eta euskal kulturaren alde gure aletxoa jartzeko lanean. Eta, nola ez, ikastolek, oraindik ere, behar duten sostengu ekonomikoa lortzeko lanean ere. Oraingo ahaleginek gure ikastolako eta ikastoletako proiektua sendotzen lagunduko dutela ziur gaude.

Amaitzeko, aipatu nahiko genuke, izenak izana ematen diola ikastolako proiektuari. 2ZIA bizi-bizirik dagoen egitasmoa dela, oso dinamikoa. 

Harro esaten dugu ZUBIMUSU eta KILOMETROAK bizi-bizirik daudela.