Iritzi artikulua

Ana Santamaria eta Nerea Zumeaga
Zubimusu Ikastolako zuzendaritzako kideak
2019-11-29

Noiz gure herrian?

Kilometroak, Kilometroak jaia, urtero Gipuzkoako herri ezberdinetan, urtero bailara ezberdinetan. Noiz gurean, noiz gure herrietan? Askotan buruan izan dugun galdera, erronka handia, baina orain arte inoiz burutzeko aukerarik izan ez duguna.

Kooperatiba bilakatu eta orduan zen Kilometroak jairako eskaera egiteko momentua, orduan genuen aukera erronka horri heltzeko; beraz, 2014-2015 ikasturtean egin genuen lehenengoz Kilometroak jaia antolatzeko eskaera. Gure helburuak zehaztu, gure beharrak aipatu eta izugarrizko ilusioarekin aurkeztu genuen gure lehen txostena, Kilometroak 2017rako gure hautagaitza. Lehen aldia zen eta ilusio handiz egin genuen, baina beldur pixka bat ere izan genuen: “eta lehenengo aldiz aurkeztu eta egokitzen bazaigu? Ez, lehenengoan ez dugu zorte hori izango”. Antzeko burutazioak ibili genituen bueltaka. Baina ez, ez zuen Zubimusuk hartu, Oñatira joan zen Kilometroak; beraz, zorionak, Txantxiku!

Lehen pausoa emanda, lehen hautagaitza aurkeztuta, beraz, zetorrenak ez zuen hainbesteko lanik emango. Iritsi zen, bada, 2018ko hautagaitza aurkezteko momentua, eta Zubimusu ere han. Bigarrena. Beno oraingoan bai, ezta? Lehenengoan eskuratzea zorte handia izan zitekeen, baina bigarrenean bai... Ba, ezta orduan ere! Oraingoan Urretxu-Zumarragako lagunek eraman zuten. Zorionak hauei ere!

Bazetorren hirugarrena ere, hirugarrenean bai asmatu! Egia esan, 2019rako hautagaitza aurkeztu genuenean, defentsa burutzera joan ginenean, urte hartan lortuko genuen sentsazio ona geratu zitzaigun, baina Salbatore Mitxelena ikastolak lortu zuen. 2019ko Kilometroak Zarautzera. Hauei ere, zorionak!

Urteak pasa, aukerak galdu, iritsi zen 2020rako hautagaitzara aurkezteko unea. Zenbaki polita; hogei, hogei… Oraingoan ezin hutsik egin, oraingoan Zubimusurentzat…

Eta horrela izan zen.

Laugarrengoan lortu dugu gurea izatea, lau aldiz aurkeztu dugu gure hautagaitza, gure proiektua, lau aldiz, Kilometroak jaian sinesten dugulako, ikastolan sinesten dugulako, guretzat nahi genuelako.

Eta zergatik aurkeztu Kilometroak hautagaitzara? Zergatik nahi ditugu Kilometroak Zubimusun? Zergatik Amasa-Villabona-Zizurkilen? Noski dugula helburu ekonomikoa, baina ez hori bakarrik; gure helburua, gure bailaran Zubimusu ikastola proiektu kooperatibo eta komunitario bezala indartzea da, ikastola eredua indartzea bailaran eta komunitatean.

Pozik gaude, pozik, ilusioz beteta eta indartsu. Hunkigarria izan zen Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan lekukoa jaso genuen momentua. Hunkigarria momentu hura eta etorriko diren beste asko; gure urtea delako, Zubimusuren urtea delako, Amasa-Villabona-Zizurkilen urtea delako. Eta harro gaude Ikastolako kide izateaz, harro gurea defendatzeaz, harro lekukoa gurean egoteaz.

Eta horri guztiari badugu zer gehitu, datorkigun erronkari badugu zer erantsi: eredu berria. Lehenengo aldiz antolatuko du gure ikastolak Kilometroak jaia, eta, gainera, eredu berriarekin! A zer-nolako erronka! Baina horrek ez gaitu beldurtuko, izugarrizko gogoa baitugu festa antolatu eta, gainera, eredu berriari ekarpenak egin, gauzak aldatu, gehitu… eta laguntzeko.