Iritzi artikulua

Ana Santamaria
Zubimusu Ikastolako zuzendaria
2020-05-21

Klaseak konfinamendu garaian

Martxoaren 12a, goizeko 11:00k, Ikastolen Elkartean Kilometroak jaiaren inguruko prentsaurrekoa. Bertan bildu ginen Zubimusu Ikastolako ordezkariak, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria, Kilometroak jaiaren koordinatzaileak eta Tolosaldeako ikastoletako ordezkariak Kilometroak jaia ez dela amaitzen adierazteko, indarberritzen ari dela. Gure jaiarekin, eredu berri bati bide emango diogula, teoriatik praktikara salto egingo dugula. Prentsaurreko horretan, martxoaren bukaera aldera aurreikusita genuen Tolosaldeko Milimetroak jaia ere aurkeztu genuen, “Mundu ko lore” izena eramango zuena, aurreko hilabeteetan zehar Tolosaldeko 6  ikastoletako ordezkariak (Uzturpe, Laskorain, Inmakulada, Anoeta, Irura eta Zubimusu) ilusioz, gogoz… prestatzen aritu ginena. Ederra izan zen prentsaurrekoa; ondo atera zen guztia. Pozik atera ginen Ikastolen Elkartetik, baina poz eta ilusio hori segituan zapuztu zen, kotxean ikastolara bueltan gindoazela Hezkuntza Sailburuak prentsaurrekoa emango zuela jakin baikenuen. Prentsaurreko horretan ez zituen albiste onak emango ez, eta goiz hartan gertatutako guztia estali zuen berri bat eman zuen Cristina Uriartek: martxoaren 13tik aurrera klase presentzialak eten egingo ziren.

Zuzendaritzako kideak bildu eta bat-batean jaso genuen berri hura irensten hasi beharra genuen. Familientzako idatzia prestatu, ikasleei komunikatu… Nola antolatuko dugu hemendik aurrerako guztia?

Egoera berria zen guztiontzat, eta egoera berri guztietan gertatzen den moduan nondik hasi, nori heldu, zer egin… galderak geure buruetan. Baina eman genion hasiera jarduera ez-presentzialari, eta asteburu hartan konfinamenduan sartzen ginela jakiteak ere ez zuen lagundu buruan ibili genituen gauza batzuk burutzeko. Hamabost egunetarako izango omen zen hasiera batean eta momentu hartan jasotakoarekin ekin genion planifikazioari. Ez zen erraza izango planifikazioa; gure ikasle guztiak, baliabideak, kasuistikak… baita gure ildo pedagogikoa ere, denak hartu behar kontuan, egiten duguna zentzuz egin behar baita. Ekin genion lanari, egunerokotasunak erakutsi zigun eta erakusten digu moldaketak, aldaketak… egin behar direla maiz, egokitzapenak egin behar direla.

Klaseak konfinamendu garaian ez dira errazak, egoera berezi honetan akademikoak bakarrik ez baitu garrantzia, horren gainetik osasuna, alderdi soziala, humanoa… baitaude. Lehen momentutik gure nahia horri guztiari erantzuna ematea izan da, hori guztia kontuan hartuz gure ikasle guztiengana iristea eta ikasle guztiei erantzun bat ematea; batez ere, behar gehiago dituzten ikasleei. Honetan guztian ere, Hezkuntza sailburuak, Hezkuntza Sailetik etorritako hezkuntza planak, ikuskariak, Ikastolen Elkarteak… badute zer esana eta horiek guztiek esandakoak ere kontuan hartu behar izaten ditugu. Ez da lan makala, kontuan izanik, gainera, gaur gauza bat esaten dela, eta bihar guztiz kontrakoa. Eta, era berean, ez da lan makala egiten duguna, gure jarduna antolatuta dugun modua edo planifikatzen dugun guztia, ikasle eta familia anitzen beharrei erantzutea, familia bakoitzak ikastolatik espero duenari erantzuna ematea, ezin baita denen gustura egin. Horregatik, egiten dugun guztiari zentzua bilatu nahi diogu, zergati edo helburu bat lortzearren egiten baitugu (ikasle eta familiaren ongizatea, garapena), eta ez denbora betetzearren edota ikasleak entretenituta edukitzearren bakarrik.

Klaseak konfinamendu garaian: eta zenbat ikasi dugu honetatik guztitik? Gure ikasle guztiak ez dira edukiak bakarrik ikasten ari, izugarri ikasten ari dira: haien autonomia lantzen, eguneroko eginbeharrak kudeatzen… Eta familia giroan? Zenbat ari gara ikasten familia giroan? Denbora dugu seme-alabekin etxean goxo egoteko, ekintza ezberdinak etxean egiteko, paseoak emateko… bai eta egunerokotasunean jasaten genuen presak uzten ez zizkigun mila gauza egiteko ere. Atera ditzagun denok gauza positiboak honetatik.