Iritzi artikulua

%user(r)en irudia
Nahikari Gabilondo
Itzultzailea, bertsolaria eta ikastolako gurasoa

Gure ikastola

2019-02-18

“Ikastola, gora gure ikastola, kantatzen diogu ikastolari…” abestuz askotan joan izan naiz haurrekin ikastolara. Duela urte mordoxka Saioka taldeak egindako kanta hura Pirritx eta Porrotxen eskutik iritsi da Euskal Herriko milaka familiaren etxeetara, belarrietara eta ezpainetara. 

Onartu behar dut hasieran “Goizean jaiki, gosaldu, ohea egin, jantzi ta bagoaz ikastolara” zatiari jartzen niola arreta, gure semeak ohea egiten noiz hasiko ziren irudikatu nahian edo…

Baina, berehala, beste zati batek eman zidan zer pentsatua: “Ikastola, gora GURE ikastola…” Gurea, bai, baina norena? Nork osatzen dugu GU hori? Nor sentitzen da GU horren parte? 

Gogoan dut umetan, ikastolako ikasle ginenean, ikastetxeen artean izaten genuen nolabaiteko lehia hura; kiroletan halako ikastetxetako ikasleak besteak baino hobeak zirelako, euskaraz halako ikastetxetakoak besteak baino okerrago moldatzen zirelako eta abar. Baina hortxe bukatzen ziren gure arteko liskarrak. Gogoan dut, halaber, edozein helduk haurren bati eskolaren berri galdetu nahi zionean “zer moduz ikastolan?” galdetzen ziola, haurraren ikastetxea edozein zela ere, eta inork, ez haurrak, ez gurasoek, ez zutela gaizki hartzen galdera hura.

Orain, ordea, oso desberdin bizi dut hori. Ama naiz, semeak Zarauzko ikastolan ditut, eta seme-alabak Zarauzko eskola publikoan dituzten lagunak ere baditut. Noiz edo noiz gertatu izan zait lagun horietakoren bat seme-alabak eskola publikoan hasi izana justifikatzen entzutea, publikotasun hori oinarri hartuta. Baina zenbat aldiz galdetu digute benetan zergatik ditugun gure haurrak ikastolan? Zenbatek ote du publikotik aldentzeko egin dugulako uste okerra? Zenbatek ote du barneratua ikastetxe pribatu baten irrikaz jo dugula ikastolara?

Izaerak izaera eta kuotak kuota, ba ote da ezer publikoagorik herritik eta herriarentzat sortutako ikastetxe bat baino? Galdera horren erantzunak narama hasierako galderara: “Gurea, bai, baina norena?” Bada, ikastolako kide izan ala ez, guraso izan ala ez, seme-alabak eskola-adinean izan ala ez, hezkuntza euskaldun, integral, eleanitz, ireki eta bazterketarik gabean sinesten dugun guztiona. Hots, herriarena.

Eztabaida sakona dago, zalantzarik gabe, gai horren inguruan. Eta gogoetarako aukera paregabea izango da otsailaren 28an, 18:30ean Zarauzko Udal Kiroldegiko bilera-gelan  Eduardo Apodakak, Idurre Eskisabelek eta Larraitz Ariznabarretak Samara Velte moderatzaile dutela “Ikastola: zergatik eta zertarako” izenburupean egingo duten mahai-ingurua.