Parte-hartze zabala helburu

Zarautzek 2019ko Kilometroak jaiaren lekukoa hartuko zuela jakiteak, ardurarekin batera, ilusioa piztu du ikastola osatzen dugun komunitate zabalean, baita komunitatetik harago ere, herriko eragileen artean. Horren erakusgarri da parte hartzeko bideak ireki eta lehen kolpean izan den izen-emate andana. Ez da erraza izan dena kudeatzea, baina, esan gabe doa, koordinazio-arlotik eskerrik beroenak eman nahi direla izandako harrerarengatik.

Jai erraldoi honek duen izaerarengatik, lantalde batzuk irailetik hasi dira burubelarri lanean, eta beste lantalde batzuk martxan jartzen joango dira. Abendurako guztiak sortu eta martxan jarri nahi dira.

Giza baliabideen taldea lanean hasita dago izen-emate guztiak behar bezala begiratzeko eta haiei erantzuteko. Guztion beharra izango da erronka honi aurre egiteko. Guztiontzat egin nahi da tokia, nork beretik ahal duena eman dezan Kilometroak 2019 jaia biribila izan dadin. Molde honetako azkena izateak berak ardura gehigarri bat ezarri dio Zarautzi.