2019ko Kilometroak jaiaren lekuko-hartzea, ilusioz

Iñigo Ameztoi Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako lehendakariak eta Belen Murua zuzendariak hartu dute lekukoa Urretxu-Zumarragako ordezkarien eskutik. 1977an Beasainen abiatutako Kilometroak jaiaren ekimena eskuz esku pasatzen joan da, eta eredu honetako azkena antolatzeko ardura Zarauzko ikastolak izango du.
Ameztoik esker onez hartu du lekukoa. Gogoan hartu du molde honetako azkena dela, eta Zarautzi zikloa “biribiltzea” dagokiola.

Duela mende-erdi sortu zen ikastola, euskara ardatz hartuta, “eredu pedagogiko aurrerakoi eta apurtzaile batekin”. Orain, bigarren irauli bat eman nahi dio eredu pedagogikoari, horretan buru-belarri lanean ari dira ikastolako profesionalak, eta 2019ko Kilometroak jaian biltzen dena pedagogia berrian inbertitzeko baliatuko da. Oinak lurrean, aurrera begira aitzindari izaten segitzeko helburuarekin, euskarazko hezkuntza ardatz, “iraultzaile izan nahi dugu” esan du Ameztoik.

Azpimarratu du euskararekin eta Euskal Herriarekin konpromiso sendoa hartu duela ikastolak, eta gonbita egin du: “Datorren urriaren 6an, denok Zarautza gonbidatuta zaudete”.

Antton Mendizabal artistak Kilometroetarako propio egindako lekukoa eskuz esku pasatzen joan dira 1996tik Gipuzkoako ikastoletako ordezkariak, harian-harian, festa antolatzea egokitu ahala. Orduz geroztik, lekukoa jaso duten ikastolen izenak grabatuak ditu egurrezko artelanak.

Zarautzek hirugarren aldiz antolatuko du jaia. Lehen aldiz, 1987. urtean antolatu zuen; bigarrenez, 2004an, Oriorekin batera; eta, hirugarrenez, 2019an antolatuko du.