Guneak garbi eta txukun uztea, biharamuneko lana

Kilometroak 2018 jaiaren biharamunean, garbiketa lanetan aritu dira Urretxu-Zumarraga Ikastolako ikasle zaharrenak, irakasleak lagunduta. Hirugarren eta laugarren guneetan aritu dira geratzen ziren zabor hondarrak batzen.

Lanik mardulena, ordea, bart iluntzean egin zuten Muntaia eta Txosna Batzordeetako kideek. Eta gaur goizetik ere horretan dihardute. Material ezberdinak jaso, azpiegiturak desmuntatu, toldoak batu, oholtzak kendu… Bi udaletxeetako brigaden laguntza izango dute zenbait lanetan.

Ibilbidean eta herriko gune ezberdinetan jarritako seinaleak kentzea Trafiko eta Segurtasun Batzordeen egitekoa izango da, datozen egunetan.

Pixkana-pixkana lau guneek euren ohiko itxura hartuko dute.