PILOTARIAK KILOMETROAK DENDAN

Urtarrilaren 31 gogoan hartu beharreko data genuen, eta dagoeneko heltzear dugu. Duela aste batzuk Kilometroak dendako arduradunek hainbat sorpresa iragarri zituzten, eta tantaz tanta, xehetasun guztiak argitzen joan dira. Hala, dagoeneko jakitun gara ostiraleko bisitak lotura estua duela esku-pilotarekin. Horregatik, ostiralean ere pilota eskuan eta leloa ahoan ibiliko gara, lau pilotari entzutetsu bidelagun ditugula.

Zehazki esateko, ekitaldia ostiralean izango da, arratsaldeko 17:30ean, Kilometroak dendaren aurrealdean. Bertan, lau pilotari hauen bisitaz gozatzeko aukera izango dugu: Ander Imaz, Iñaki Artola, Anne Maiza eta Iker Irribarria.

Zubimusu ikastolako ikasleek ere badakite pilotariak etortzekoak direla, eta ongi baino hobeto ikertu dituzte haien biografia nahiz pasadizorik esanguratsuenak. Horien harira, hainbat galdera prestatu dituzte. Hala, gela bakoitzeko bi ordezkari aukeratuko dira mahai-inguru batean parte hartu eta pilotariei galderak egiteko.

Horrez gain, zozketak ere izango dira. Batetik, pilotariek sinatutako bi kamiseta zozkatuko dira, urtarrilean zehar dendan 20 eurotik gorako erosketak egin dituzten erosleen artean. Bestetik, berriz, pilotariek sinatutako bi pilota ere zozkatuko dira, ekitaldira bertaratutako 16 urtez azpiko ume eta gaztetxoen artean.

Ea ba pilotariak ere Korri, punpa, ttak egiten jartzen ditugun!