KILOMETROAK TXIKIA FESTA

Kilometroak 20 festa nagusia urrian izango bada ere, ikastola buru-belarri ari da urte osorako ekintzak antolatzen. Ekintza horietako bat Kilometroak txikia jaia izango da, eta urtarrilaren 26an egingo da, eskualdea girotzen hasteko. 

Egun horretan, gure herrietako hiru gunetan elkartuko gara, eta haur, gazte eta helduek elkartuta talde bana osatuko dugu gune bakoitzean. Korri, punpa, ttak; Amasa, Villabona, Zizurkil. Hiru abiapuntu eta hiru talde.

Hiru guneetako taldeek, musika lagun dutela, Altxorraren bila jolasa egingo dute Zizurkilgo Joxe Arregi plazarako bidean, eta jolas horren bidez aurkitutako altxorrak elkartuz irudi bat osatuko dugu guztiok, elkarrekin auzolanean, Zizurkilen egingo den ekitaldian.

Bideetan, ordea, arrastoa utzi nahi dugu, eta hiru taldeek horma-irudi bana inauguratuko dute ibilbidean, urriko jaiaren iragarle.

Ondoren, musikariekin eta buruhandi eta erraldoiekin batera, Villabonako plazara hurbilduko gara. Abenduan pintxo-tertulia bat egin genuen gure aitona-amonekin, eta umetan zertan jolasten ziren kontatu ziguten. Hain zuzen ere, jolas horiek hurrengo belaunaldiei transmititzeko helburuarekin, plazan jolasean ibiliko gara, ume, gazte, heldu, guztiok elkarrekin, gure aitona-amonen jakintza herritar guztiokin partekatzeko.

Ekimen hau osatzeko, Kilometroak 20 jaiaren lepoko zapiak jarri dira salgai, 3 euroan. Kilometroak dendan eskuratu daitezke. Egun horretan lepokoak jantzita ibiliko gara, eta hortik aurrera, etxeko leiho eta balkoietan zintzilikatuko ditugu, herria apaintzeko eta Gipuzkoako ikastolen hurrengo jaia Zubimusu ikastolak antolatuko duela lau haizetara zabaltzeko.