HARRERA BIKAINA

Azaroaren 18az geroztik zabalik da Kilometroak 2020ko denda Altzin kaleko 3. zenbakian. Jantziei nahiz osagarriei dagokien eskaintza zabala eta erakargarria da, arreta handiz eginiko aukeraketaren emaitza: nikiak, kirol-jertseak, soinekoak, zirak, anorakak, biserak, buffak, botilak, aterkiak, erabilera anitzeko labanak, askari-zorroak, giltzatakoak eta abar.

Produktu horietako batzuk, gainera, Gipuzkoako markek diseinatuak dira: Batela anorakak eta katiuskak, Elosegui txapelak edota Ezpeleta aterkiak. Horrez gain, Luis Ugarte zizurkildarrak eskuz eginiko saskiak ere aurki daitezke dendan, bai eta Otero pilotagileak eskuz eginiko pilotak ere.

Produktuek, hasiera-hasieratik, oso harrera ona izan dute, aukeratutako diseinuak, modeloak, ehunak zein koloreak jendearen gustukoak izan baitira. Horren adierazgarri, jendea lehen egunetik hurbildu da dendara jakin-minak jota eta produktuak eskuratzeko irrikaz. Eta ondorengo egun eta asteetan ere sartu-irten handia izan da dendan. Aipatzekoa da, halaber, auzolanean txukundu eta eraberritutako dendak berak ere arrakasta handia izan duela jendartean.

Bestalde, denda ibiltariak ere harrera bikaina izan du, eta pertsona asko erakarri ditu orain arte. Izan ere, salmenta taldeak batean eta bestean dabiltza, herriz herri, kilometroetako logoa eta leloa lau haizeetara zabaltzen, pilota ahalik eta urrutien hel dadin: Korri, punpa eta ttak!