DENDA PREST

Denda azaroaren 18an irekiko bada ere, azaroaren 15ean jarriko dira salgai lehen aldiz produktuak; Kilometroak 2020ko aurkezpen-ekitaldian, hain zuzen ere. Azaroaren 16an ere, larunbata, izango da produktuak erosteko aukerarik, Amasan nahiz Tolosan.

Denda Villabonako Antzin kalean dago kokatuta. Ordutegiari dagokionez, berriz, 17:00etatik 20:00etara zabalduko ditu ateak, astelehenetik ostiralera; eta 10:00etatik 13:00etara, larunbat goizetan.

Alazne Gurrutxaga eta Iosune Gabirondo izan dira, biak ere Zubimusu ikastolako amak, arroparen zein dendaren ardura beren gain hartu dutenak. Haien esanetan, herritar eta gurasoen eskuzabaltasuna eta auzolana funtsezkoak izan dira prozesu osoan zehar. “Orain darabiltzagun bi lokalak, denda zein biltegia, erabat doan eskaini dizkigute zenbait herritarrek, urte osoan zehar erabil ditzagun. Ezin ahaztu, gainera, jende gehiago ere agertu zela lokalak uzteko prest; beraz, herri-mailan eskertzekoa dela deritzogu” adierazi dute arduradunek.

Denda zein biltegia txukuntze-lanetan buru-belarri aritu diren gurasoak ere aipatu nahi izan dituzte; besteak beste, arotzak, elektrikariak eta margolariak. “Bestelako lanbideak izan arren, aste batzuez margolari edota arotz bihurtu diren gurasoak ere izan ditugu” adierazi dute. Dendarako erabili diren altzariak, berriz, birziklatutakoak dira; hots, guraso batzuek emandako eta Garbigunetik lortutako materiala erabiliz sortuak. Gaineratu behar da dendari lotutako bestelako beharrak asetzeko, herriko zerbitzuetara jotzen ahalegindu direla, betiere.

Arropari dagokionez, arreta handiz eginiko aukeraketa izan dela jakinarazi dute Iosunek nahiz Alaznek. Diseinuari ez ezik ehunaren kalitateari ere erreparatu diote, ia produktu guztiak kotoi organikozkoak baitira. Koloreen aukeraketa ere denboraz eta gustuz egiten saiatu dira. Haien hitzetan, “koloreak eta modeloak eguneratzen ahalegindu gara; hori dela eta, ehun batzuk lisoak dira, baina badira nabar edo jaspeztatuak ere”. Kilometroak 2020ko produktuak honako hauek dira, besteak beste: nikiak, kirol-jertseak, zirak, txubaskeroak, biserak, buffak, botilak, aterkiak, erabilera anitzeko labanak, askari-zorroak, giltzatakoak. Produktu horietako batzuk, gainera, Gipuzkoako markek diseinatuak dira; esate baterako, aterkiak eta txubaskeroak.

Horrez gain, aipatu nahi izan dute dendan arropa saltzen arituko den jendea finko samarra izango dela, jendearen beharrizanei ahalik eta ondoen erantzun ahal izateko. Eta erakusleihoa ere ez da arropa erakuste hutsera mugatuko, hori baino haratago joatea da helburua; hots, Kilometroak 2020ko balioak zabaldu nahi dira esaldi edo hitz esanguratsuak dekorazioan barneratuz.

DENDAKO IREKIERA EKITALDIKO ARGAZKIAK IKUSI