JAIALDI TXIKIAK

Eredu berria azken urteetan Kilometroak jaiak hartutako tamainari eta bilakaerari buruzko hausnarketa sakon baten emaitza da, nolabaiteko norabide-aldaketa eragin nahi izan duena. Izan ere, gailentzen hasia zen kontsumismo-eredutik ihes eginez, aldarrikapen-kutsua berreskuratzeko apustua egin nahi izan da. 

Hala, euskara, euskal kultura, herrigintza, hezkuntza-eredu propio eta eraldatzailea, kooperatiba izaera, aniztasuna, parekidetasuna eta ingurumenarekiko jasangarritasuna gisako balioak aurkeztu eta sustatzeko abagune izan nahi dute jaialdiek. Hori guztia, gainera, herritik eta herriarentzat egingo da, inguruko eragileekin elkarlanean arituz eta, aldi berean, eragile kultural bilakatuz.  

Jaialdi txikietako bat Errenteriako Orereta ikastolak antolatuko du, eta apirilaren 3an izango da. Jaialdi guztietan, naziotasunaren ikuspegiari garrantzi handia emango zaio, Euskal Herri osoa aintzat hartzen duen euskarazko hezkuntza-proiektuaren aldeko aldarrikapena egingo baita. Horren adierazgarri, Nafarroa Garaiko, Lapurdiko zein Zuberoako ikastolek parte-hartze zuzena izango dute jaialdietan.

Horrez gain, herri eta ikastolen arteko partaidetza ere bultzatuko da, haien arteko sinergia lortzeko helburuz. Ekintza ludikoei ere toki nabarmena eskainiko zaie, jolasa hartu-emanerako bitarteko bilakatuko baita; hots, zerbait eman eta jasotzeko aitzakia, aldebakarreko eredu kontsumistari kontra eginez. Horri lotuta, jolas eta ekintzak adin-tarte bakoitzera egokituko dira, nork bere interes eta neurrikoak izan ditzan.

Amaitzeko, jaialdi txiki hauek harrobi kulturala lantzeko aukera eskainiko dute. Azken batean, ikastolek herritarren eskutik jasotzen duten kultura berriro ere hezkuntzaren bidetik jendarteari itzultzeko aukera izango baita.

Bestela esanda, jaialdi txikiak bidea bera dira. Eraldaketarako hazi berria ereiteko bidea. Eta bide horren zutarriak denok gara. Gutako bakoitzak berea du bizitzan zehar eginiko ibilbidea, eta orain du, “korri, punpa eta ttak” eginez, hori guztia gizarteari itzultzeko aukera. Hortaz, zugan dago sakea, gutako bakoitzarengan, denok baitugu zer emana. Jaurti dezagun bada indarrez eta auzolanean euskararen pilota eraldatzailea auzora, herrira, eskualdera, Euskal Herrira zein mundura.