BATZORDEAK LANEAN

Komunikazio-batzordea, esaterako, hainbat zereginetan aritu da; besteak beste, leloari eta logoari loturiko diseinu-lanak egiten, webgunearen egitura eta beronen atal guztiak prestatzen, aurkezpen-ekitaldirako ikus-entzunezko, kartel eta gonbidapenak prestatzen, komunikabideei prentsa-oharrak igortzen, kultur eragileekin harremanak estutzen eta abar.

Ikuskizun-batzordeak ere eginkizun eta ardura ugari izan ditu; gehien-gehienak aurkezpen-ekitaldiari loturikoak, orain arte. Izan ere, hari egokitu zaio aurkezpen-ekitaldiko ikuskizunak prestatu eta antolatzeko ardura nagusia, bai eta gure maskota prestatu eta itxuratzeko eginkizuna ere.

Beste batzordeetako bat ekonomia-batzordea da, eta bi azpitaldetan dago banatuta. Arropaz arduratzen den taldea dago batetik, eta Gure Zozketaz arduratzen dena, bestetik. Lehendabiziko taldearen eginkizun nagusiak honako hauek izan dira: batetik, arropa aukeratu, biltegiratu eta markatzeko lana; eta bestetik, biltegia nahiz denda jartzeko erabilitako lokalak eraberritu eta txukuntzeko zeregina. Azken eginkizun horiek gauzatzeko, funtsezkoa izan da margolari-, arotz- zein elektrikari-lanean aritu diren hainbat gurasoren parte-hartzea.

Gure Zozketari dagokionez, berriz, txartelak urtarriletik ekainera bitartean salduko dira. Beraz, horretarako zein arropa saltzeko irteerak kuadrillaka antolatuko dira urtean zehar.

Azpiegitura-batzordekoak ere gogoz aritu dira lanean, dela aurkezpen-ekitaldiko azpiegiturak muntatzen, dela segurtasun-neurriak behar bezalakoak izan daitezen.

Batzorde hauek guztiek, nork bere arloan, grinatsuki jarraituko dute lanean, bai urtean zehar egingo diren ekimenak prestatzen, bai amaierako jaialdi berritua antolatzen.