Amasa-Villabona eta Zizurkilgo ikastolak hartu du 2020rako lekukoa

Ekitaldi xume eta hunkigarri batekin eman dio lekukoa Zarauzko ikastolak Amasa-Villabona eta Zizurkilgo ikastolari, Zubimusuri. Euskal Herrian errotutako hezkuntza-proiektu euskalduna aldarrikatu du Nahikari Gabilondok, Aitor Amilibiak gitarraz lagunduta: “Onar dezagun behingoz ez dugula zertan lotsatu; ez dugula zertan azalpenik eman eta barkamenik eskatu. Onar dezagun, harro, Euskal Herri osoa eta gure nortasuna ordezkatzen dituen euskal hezkuntza-eredu bakarra garela”.

‘Bagare’ abestiaren doinuarekin atera dira Jalgi dantza-taldeko zazpi dantzari dantzara, zazpi lurraldeak irudikatuz, tradizioa eta modernitatea uztartuz. Eskutik helduta ekarri dituzte Zarauzko haurrak lekukoarekin, eta haiek eman diete lekukoa Amasa-Villabona eta Zizurkilgo haurrei, etorkizunari keinu eginez.

Zubimusuko Mikel Ugarte lehendakariak hartu du hitza. Gogora ekarri du ikastolen beharra, dei egin du euskara eta euskal kultura zabaltzera. 2020ko urriaren 4an Amasa-Villabona eta Zizurkilen egingo den Kilometroetara gonbidapena egin du, eta mundura zabaltzera deitu du.

‘Izarren hautsa’ doinuarekin, bizitzaren sorrera eta transmisioa laudatzen duen doinuarekin amaitu du ekitaldia Gabilondok: “Hasi saltoka, hasi barrezka! / Gogotik goza dezagun festa/, oihukatuz ‘Ni, Hi, Hura…/ gure ikastolak mundura!”.