Euskal Herriko eskubaloi topaketan kiroltasuna gailendu da

Kilometroen aldeko Euskal Herriko eskubaloi topaketa giro bikainean igaro da Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. 09:00etarako prest zeuden lehia hasteko lehen taldeak: Zarautz-Orio. Ondoren etxekoek Usurbilen aurka jokatu zuten.

Zarauzko eta Malkaitz-Burlatako neska kadeteen aurkako partida izan zen lehiatuena; baina ozta-ozta etxekoak nagusitu ziren: 23-22. Etxekoek Urdulizen aurka jokatu zuten goizeko azken partida, jubeniletan.

Eskubaloi inklusiboko partida batekin hasi zen arratsaldeko saioa. Uxoa-Barakaldoko taldeak etxeko kadeteen aurka jokatu zuen. Talde mistoak izan ziren, eta sekulako giro onean joan zen partida.

Aialak Irisartarrak HA taldea hartu zuen. Eta ondoren, Bidasoa Anaitasuna partidarekin amaitu zen topaketa. Bidasoa aurretik hasi zen markagailuan, eta zenbait unetan Anaitasuna hurbildu bazitzaion ere, azkenean erraz gailendu zen Irungo taldea: 34-25.

Egun osoan  mamorruak ere izan ziren protagonista, jokalariekin luzaketak egin, jokatu, animatu eta publikoaren irribarrea lapurtu zuten. Musika, jan-edana eta giro ona ez zen falta izan. Antolatzaileek urriaren 6rako dei bat eginez amaitu zuten eguna, eta parte hartu zuten guztiei eta laguntzaileei eta babesleei eskerrak emanez: Zarauzko Udalari eta Arraio Irratiari, laguntzaile gisa, eta Ameztoi, Zipri, Lumagorri eta Kaikuri, babesle gisa.