Euskal Herriko eskubaloi topaketa, kilometroen eskutik

Euskal Herriko eskubaloi topaketa aurkeztu dute Zarautzen, Aritzbatalde kiroldegian. Larunbatean izango da, abuztuaren 31n. Euskara, harrobia eta kirola bat eginda izango dira egun osoko topaketan. Irisarri-Aiala eta Anaitasuna-Bidasoak emango diote amaiera topaketari, eta Gurutz Aginagalde Bidasoako lehendakariak esan du ‘dena ematera’ etorriko direla. Goizetik giro ona, jana, edana, zozketak eta sorpresak ez dira faltako.

Belen Murua ikastolako zuzendaria, Inma Saenz de Santamaria Zarauzko eskubaloiko lehendakaria, Gurutz Aginagalde Bidasoakoa, Julen Azpitarte Aialako entrenatzailea eta Nahia Arruti jokalaria, eta Juanjo Esnal lantaldeko kide bat izan dira agerraldian. Kilometroetako lantaldeak antolatu du eguna.

Kilometroak urriaren 6an izango da. Egun handia mugarri baldin bada ere, Kilometroak antolatzeko lana hartzen duen ikastola urte osoan jarduten lanean, hainbat helburu bere buruari jarrita. Ikastola duela 54 urte sortu zen Zarautzen, herritik eta herriarentzat. Ideia horri helduta hainbat ekimen egin dituzte urte osoan herriko elkarteekin elkalanean, ekainaren hasieran Hondartza Hartu ekimena kasurako.

Baina eskubaloia hain errotuta egonik, eskubaloiaren bueltan zerbait antolatzea pentsatu zuten. Guraso talde baten eskutik lortu zuten Anaitasuna-Bidasoa Asobal Ligako bi taldeak Zarautzera ekartzea. Harago joan ziren, ordea. Ikastolaren oinarri batzuekin bat eginda, beste ardatz batzuk ere landu nahi zituzten. Horrela sortu zen Euskal Herriko eskubaloi topaketa.

Batetik, parekidetasuna helburu, egun osoko topaketa bat antolatzea pentsatu zuten. Horregatik, goizeko 09:00etan hasita, mutilen eta nesken arteko partidak txandakatuz ikusi ahal izango dira. Arratsaldean Zarauzko Aialak jokatuko du Behe Nafarroako Irisarriren kontra, eta Anaitasunak eta Bidasoak izango dute azken aurrez aurrekoa.

Bestetik, ikastola izanik Euskal Herri osorako proiektua, Euskal Herri osoko ordezkaritza ahalik eta zabalena egoteko egin dute lana. Hala, Bizkaia, Nafarroa, Gipuzkoa eta Behe Nafarroatik etorriko dira taldeak.

Gainera, ikastolaren izaera irekia eta askotarikoa azpimarratzeko ahaleginean, beste urrats bat ere egin dute. Dibertsitate funtzionala dutenekin beste partida bat ikusi ahal izango da egun berean.

Muruak azaldu duenez, ikastolak, gainerako ikastetxeekin, Zarauzko hezkuntza komunitatea aberasten duela erakusteko ahalegina ere bada topaketa hau. “Eskubaloian ikastetxe guztietako ikasleak nahasten dira, eta guztiek taldea osatzen dute”. Beraz, parekidetasuna, lurraldetasuna, dibertsitatea eta elkarren arteko osagarritasuna erakusteko ahalegina ere bada topaketa hau, Muruak esan duenez.

Saenz de Santamariak eskerrak eman dizkio ikastolari eta kilometroei egun hau antolatzeagatik. Azpimarratu du klub gutxi daudela hainbeste talde neskenak eta mutilenak parekide dituztenak, eta hori zaintzen ahalegintzen direla. “Harrobi ona daukagu”, esan du. “Emaitza ona lortzeko harrobia zaindu egin behar da, eta zaintzeko modu bat da halako egunetan herrikoei ere jokatzeko aukera ematea”.

Aginagaldek ere eskertu egin nahi izan du gonbidapena. “Eskubaloia zabaltzeko helburua daukagu, eta gonbidapen hau eskertu nahi dugu, horretan laguntzen duelako”. Astebukaera honetan bi talde erreferente elkartuko direla esan du: Anaitasuna eta Bidasoa. Baina Zarautzi aitortu dio ere erreferente izatea “batez ere, ikusita nesken taldeek zein garrantzia duten eta harrobia nola zaintzen duten”. “Ilusionatuta gaude hona etortzeko, eta gainera, euskararen alde lana egiteko. Lan asko egin behar da arlo horretan ere”. “Denarekin” datozela esan du, onena ematera.

Sarrerak egunean bertan hartu ahal izango dira, leihatilan, 16:30etik aurrera. Helduek 5 euro, eta haurrek euro bat ordaindu beharko dute. Muruak eskerrak eman dizkie babesleei: Zipri, Ameztoi, Kaiku eta Lumagorriri. Udalari laguntzeagatik, eta egun osoan lagunduko duten boluntario guztiei zein Arraio irratiari, eguneko megafoniaren ardura izango dutelako.