Euskal lurraldeen arteko Nazio Topaketa, Kilometroen eskutik, larunbatean

Kilometroak 2018ren eskutik, euskal lurraldeen arteko Nazio Topaketa egingo da datorren larunbatean (martxoak 17) Urretxun eta Zumarragan. Aurtengo Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaiaren antolatzaile den Urretxu-Zumarraga Ikastolako ordezkaritzarekin batera, beste bost ikastetxetako gazteak etorriko dira: Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastola, Getxoko San Nikolas Ikastola, Gasteizko Armentia Ikastola eta Ipar Euskal Herritik, Xilaba talde bezala, Kanboko Xalbador Kolegioa eta Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioa.

Euskal Herriko 75 gazte elkartuko dira gure bi herrietan antolatu den egunpasaz gozatzera. Egitasmoaren helburu nagusia gazteak euren artean nahastu eta elkar ezagutzea izango da. Pertsona guztiak gara ezberdinak, bai fisikoki eta baita izaerari dagokionez ere. Aitzitik, aniztasuna aberasgarria da, elkar ezagutuz eta elkar ulertuz, elkarrengandik ikasteko aukera dugu. Eta hori da martxoaren 17ko Nazio Topaketa honek lortu nahi duena: harremanen bitartez zubiak batzea, Kilometroak 2018ren leloari jarraituz.

Egunak honako zati hauek izango ditu:

  • Harrera (10:30)

Partaide guztiei ongietorria emango zaie Gernikako Arbola plazan. Ekimen berezia izango da, eta talde bakoitzeko partaide batek jendea agurtzeko bertso bat bota beharko du lehenik eta behin.

  • Jolas eta jokoak (11:00)

Bi orduz, bost taldeak hainbat jolas eta jokotan lehiatuko dira plazan eta inguruan.

  • Orientazio kulturala (11:30)

Bitartean, talde bakoitzeko bikote batek orientazio froga bati egin beharko dio aurre. Helburua, Urretxuko eta Zumarragako interesguneak ezagutzera ematea da.

  • Bazkaria (14:00)

Nazio Topaketako partaideek, euren laguntzaileek eta ekimenean lanean aritu diren boluntarioek elkarrekin bazkalduko dute. Kilometroetako Erronka Batzordeko guraso talde batek prestatuko du janaria. 

  • Adierazpen kulturalak (16:00)

Talde bakoitzak 20 minutu izango ditu besteen aurrean landutako ekimen kulturala erakusteko. Ekimen horrek hiru atal izan behar ditu: abestia (bertsolaritza barne), musika eta dantza.

  • Agurra eta amaiera (18:00)

Egun osoan egindako proba guztien emaitzak emango dituzte ezagutzera. Halaber, alde egin aurretik, Urretxu-Zumarraga Ikastolako ikasleek agurra dantzatuko dute eta gazte bakoitzari opari bat emango diote.

Nazio Topaketaren antolatzaileak Urretxu-Zumarraga Ikastola, Ikastolen Elkartea (EHI) eta Kilometroak Kultur Erakundea dira. Babesleak Rural Kutxa eta Irizar dira. Laguntzaileak, berriz, Urretxuko Udala, Zumarragako Udala, Kaiku eta Lumagorri.