Elkartasunaren zubiak Euskal Herria eta Maroko batu ditu

Abentura grinak eta elkartasunak bultzatuta, Raid Pandemonium egitasmoaren zazpigarren edizioan parte hartzen ari dira Urretxu-Zumarraga Ikastolako hiru guraso: Ramon Araguzo, Enrike Agirre eta Jonan Torquemada. Laugarren lagun bat joan da eurekin: Gorka Egiguren. Marokorantz abiatu aurretik, 23bis taldeko kideak Ikastolan izan ziren Kilometroak 2018ren leloa daraman banderola hartzen.

Oraingo honetan, Kilometroak 2018ren gurpila urrutira heldu da. Indarrak batuz eta taldean lan eginez, Euskal Herritik milaka kilometrotara bizi direnei elkartasuna adierazi eta laguntza ematen ari zaie Ramon, Enrike, Jonan eta Gorka.

Raid Pandemonium amateur mailako kirol proba bat da eta Marokon jokatzen da. Autoz 4.000 kilometro inguru egitearekin batera, laguntza humanitarioa banatzea du helburu. Bertan parte hartzen duten autoek ezinbesteko baldintza bat bete behar dute: 25 urte baino gehiago izatea. 23bis taldeko kideek bi Suzuki Santana eraman dituzte. Colibri eta Gran Colibri izenez bataiatu dituzte autoak.

      

Euskal ordezkaritza Eibarko Ipurua futbol zelaitik abiatu zen iragan ostiralean. Larunbat eguerdian Tangerrera doan ferrya hartu zuten Tarifan. Lasterketa Atlas mendikatearen magalean kokatutako Meknes hirian hasi zen igandean eta Merzougan, Marokoko hegoaldean, amaituko da hilaren 18an. Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko lau ordezkariak, gainerako parte hartzaileekin batera, abentura zirraragarria bizitzen ari dira Marokoko basamortuan barrena.

Halaber, ibilbidean dauden herrietan arropa, oinetakoak, sendagaiak, eskola materiala eta jostailuak banatzen ari dira. Hau guztia biltzeko, 23 bis taldeko lagunek Betean Fundazioaren eta Eroskiren laguntza izan dute, baita Ortiz, Campos eta Arroyabide kontserba enpresena ere. Egitasmoarekin bat egin dute baita ere Ugle Eskolak, Legazpi Inprimategiak eta Zuauto, Ugortos eta Aztiria lantegiek. Urola Garaiko Lanbide Eskolako karrozeria arloko zenbait ikaslek, gainera, autoen prestaketan lagundu diete 23bis taldeko kideei.

Zubiak batzeko mila modu daude eta hau da horietako bat. Abenturaz gozatu eta elkartasuna banatu. Bejondeizuela ekipo!