Swing doinuekin, Kilometroak 2019ko kanta aurkeztu dute

Harrera ezin hobea izan du Kilometroak 2019ko abestiak. Koreografia alai batez lagunduta, Zarauzko plaza dantzan jarri dute swing doinuekin. Aurkezpeneko ikuskizunean, azken unera arte eutsi diote Ni-k, Hi-k eta Hura-k, mamorruek, kantari. Batukada feminista lagun, kantaren nondik norakoak aletzen joan dira azkenean abestia entzungai jarri eta koreografiaren laguntzarekin plaza guztia dantzan jarri denera arte. Bideokliparen emanaldia ere ez da gutxiagorako izan. Konfeti eta serpentinekin amaitu da aurkezpena, jaiak aurrera egin badu ere.

Kilometroak 2019ko abestia definitzeko hitz bakar bat aukeratzekotan, “gurea” izango litzateke hitz hori. Hala azaldu dute antolatzaileek. Hain zuzen, Ni, Hi, Hura... ikastola mundura! da aurtengo leloa, eta horren baitan dagoen gu edo talde-izaera agerian jarri du abestiak.

Izan ere, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako kideek elkarlanean egin dute prozesu guztia, abestiaren hitzekin hasi eta bideoa grabatzeraino.

Nahikari Gabilondo Mendizabal ikastolako ikasle-ohiak eta bi ikasleren amak sortu du hitza, eta horixe nabarmendu du: "Ikastolak oinarri, euskarri eta etorkizun herria duela azpimarratu nahi izan dugu; horma eta logoetatik haragoko zerbait garela. Gu gara, eta hala sentitzen dugun guztiok gaude gu horretan. Ez genuen nahi abesti hau 2019ko Kilometroetan hasi eta bukatuko zen zerbait izatea, eta gerora ere mezu hori gogoratzen lagundu diezagun eman diogu forma hori".

Garbi zuten doinuak dantzagarria, alaia eta ibiltaria izan behar zuela, eta, aldi berean, ihes egin nahi zioten ohikoari. Hala azaldu du Hodei Esteban Pertusak, ikastolako irakasleak eta doinua proposatu zuenak: “Errepika leloan oinarrituta egongo zela jakinda, zerbait oso saltaria ateratzen zitzaidan, swinga edo Balkanetako musika… Txaranga batekin kalean jotzeko moduko doinuak dira, gainera, eta, bide batez, kanpokoa gure egiteko aukera ere ematen digute. Azkenean, jatorrizko swingaren alde egin genuen, eta moldaketan eta interpretazioan ikastolako komunitateko kide ugariren parte-hartzea bilatu dugu”. 

Aipatzekoa da, Kilometroak Zarautzen egin ziren aurreko bi aldietan bezala, oraingoan ere ikastolako haurrek abesten dutela kanta. Grabaketa eta bideoa ere ikastolaren inguruko kideek egin dute. Hasieratik bukaerara gutasunak agindu du, beraz.

NI, HI, HURA... IKASTOLA MUNDURA!

Itsasotik zeruraino
urdinean urdinago,
herria dut, herria naiz,
ikastolatik harago.
NI naiz abiapuntua,
NI naiz hitzaren arnasa,
NI naiz harri-koxkorrekin
eraikitako jolasa.

NI, HI, HURA… NI, HI, HURA…
JAUZI EGINIK GURA
NI, HI, HURA… NI, HI, HURA…
IKASTOLA MUNDURA!

HI haiz behinola egin zen
habia baten oraina,
geroztik nor babestua
izan duena ordaina.
Inoiz baino ederrago,
inoiz baino berdeago,
bide hontan emandako
pauso bakoitzean hago.

NI, HI, HURA… NI, HI, HURA…
JAUZI EGINIK GURA
NI, HI, HURA… NI, HI, HURA…
IKASTOLA MUNDURA!

HURA putzu more bat da
eta putzuaren jiran
mamorruak hor dabiltza
algaraka kalejiran.
Patinetez, bizikletaz
edo eskutik helduta,
irten gaitezen mundura
mundua zain daukagu ta!

NI, HI, HURA… NI, HI, HURA…
JAUZI EGINIK GURA
NI, HI, HURA… NI, HI, HURA…
IKASTOLA MUNDURA!