Mendian ibiltzeko beste modu bat: mendimetroak.eus

Kilometroetako lantaldeak proposamen berritzaile bat aurkeztu du: Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako egokitutako hiruna ibilbide, Zarautz inguratuz. Dibertsitate Funtzionala dutenentzako bi ibilbide ere ondu ditu.

Nerea Altxu kilometroetako koordinatzaileak, eta Txomin Aizpuruak eta Haritz Iturbek, ikastolako gurasoek egin dute aurkezpena. Haiek arduratu dira batez ere webgunea osatzeaz, baina auzolanean eta jende askoren laguntzarekin osatutako webgunea izan da, ezin zuen bestela izan.

Aizpuruak azaldu du sailkapena egitea ez dela samurra izan, baina lehiaketa gisa aurkezten ez denez, bakoitzak bere erritmora egiteko moduko mendi ibilaldiak osatu dituztela. Webgunean azalduta daude maila bakoitzari dagozkien ibilbideak, propio kilometroen barneko jardueretan sortuak. Ibilbide guztiak ikastolan hasi eta amaitzen dira. Proposamen guztiek dute sarrera bat, altitudea eta desnibel maila erakusten duten irudiak, kilometro kopurua eta track-a ere bai, inork gps-arekin egin nahiko balu ere.

Bestetik, mapa guztietan interesguneak eta argibide laburrak ere badaude txertatuta. Eta argazkiez gain, testuak modu argian idatzita daude, ibiltariak galbiderik izan ez dezan.

Erronka bat ere planteatu dute: Altxuk esan duenez, maila bakoitzeko proposatzen diren ibilbideak eginez gero, kilometroetako kamisetak izango dira opari. Horri buruzko argibideak www.mendimetroak.eus webgunean daude, parte-hartu atalean.

Bestetik, mendizaletasuna erabat txertatua egon da euskaldunekin, eta ildo horretan sortu zen mendimetroak ekimena. Ekainaren 2an, ikastola guztiek, bakoitzak bere herriko tontor edo toki ezagun baterako ibilbidea proposatuko du, lehiatik urrun, kirola beste era batetara egiteko proposamen bat da funtsean. Zarauzko ikastolak Pagoetarako deia egingo du, mendi elkarteak egiten duen proposamenarekin bat eginez.

Urriaren 6an da kilometroen egun handia Zarautzen, Ni, Hi, Hura... ikastola mundura! lelopean urtea borobilduko duena. Horren barnean aurkeztu dute webgunea, auzolanean egina, denentzat irekia. Jakina denez, ikastola herritik eta herriarentzat sortu zen, eta hemen aurkezten direnak bide horretatik doaz: Zarauzko inguruak dira, eta herritarrek zein bisitariek goza ditzaten eskaintzen dituzte.