Galdera garaikideak oinarri sendoekin

Ikastolak, zertarako? “Euskaratik eta euskaraz” bizi nahi duten herritarrentzat, Euskal Herriaren “iruditeria sinbolikoa transmititu” eta publikotasuna defendatuko duen “herri mugimendua” behar delako. Hala erantzun diote Edu Apodaka, Idurre Eskisabel eta Larraitz Ariznabarreta EHUko irakasleek galderari. Ariznabarreta Zarauzko ikastolako lehendakari  ere izan zen, eta hiru hizlari horien eskutik antolatu dute Kilometroek mahai-ingurua, Zarautzen, Samara Velte kazetariaren gidaritzapean. Ardatzean, gai hau: Ikastolak, zergatik eta zertarako.

Ikastolen sorrera aintzat hartuta, galdera garaikideei erantzun zieten hizlariek, mamitsu, areto betean, euren ustez mugimenduak non ardaztu beharko lukeen xehatuta.

Ariznabarretak erantzun beharreko galdera garaikide horiek ahots gora bota zituen: Zer egin dezake ikastolak etorkizuneko ikasle ahaldundu eta libreak hezteko? Zer egin dezake ikastolak etorkinak “herritar oso” bihurtzeko, ez herritar herren? Zer egin dezake ikastolak, lurraldetasun nazionala kontuan hartzen duen erakunde bakarrenetakoak, lurralde ezberdinetako gazteak elkarrengana hurbiltzeko? Eta hori guztia edukiz betetzeko, azken galdera bat formulatu zuen: zer egin dezake ikastolak gure mundu sinbolikoa, euskaldunona, gure gazteei helarazteko?

Ohartarazpen batekin amaitu zuen bere hitzartzea: “Ikastolak herrigintzaren katebegi bat dira, beraiek bakarrik ezin dute bidea egin, eta  ez dago autokonplazentziarako arrazoirik”.

Apodakak uste du ikastola bi ardatzetan ainguratu dela. Batetik, euskaraz heztea gaur “ebidentea” bada ere, ikastolak hasi zirenean ez zen batere ohikoa. “Euskal Herrian D eredua baldin badago, hori ikastolak egon direlako da”. Bestetik, ikastolak beti mugimendu gisa ulertu izan ditu. 

Beraz, oinarri horien gainean, hiru erronka ikusten dizkie ikastolei. Lehena,  komunitate eragile izatearena: “Ondare nagusia jendea da”. Jendea ahaldundu, eta elkarren artean eraikitzeko ikastolak toki ontzat jo ditu. Bigarren ezaugarria publikotasunarena da. Izaera gardena eta irekia, eta komunitate osoari zuzenduta dagoen hezkuntz komunitatea behar lukeela iruditzen zaio. Eta azkenik, uste du herri proiektu gisa ulertu behar genukeela ikastola. “Ikastolek badute proiektu bat, badute ideologia bat. Hitza eta kontzeptua defendatu egin behar dira: justizia, berdintasuna eta elkartasuna nahi ditugu, eta hori guztia euskaraz bizita, gainera. Beraz, ez diogu zertan ideologia horri uko egin”.

Publikotasun izaera hori defendatu zuen Eskisabelek ere. “Ikastolak sortu ziren garaiko eskola nazional espainolaren eta frantsezaren alternatiba izateko. Euskal eskola publikoa izateko, alegia”. Azpimarratu nahi izan zuen hezkuntzak herri baten iruditerian duen garrantzi alimalekoa: “Eskola herritartasuna, identitatea eta nongotasuna ekoizteko bitarteko sendoa da”. 

Eta herritartasunarekin lotuta dator hizkuntzaren afera ere: “Euskararen aldeko hautua hutsala bezain zaila da, barne-mundua elikatzeko eta mundu erreferentzial bat sendotzeko ez bada. Hori hondoan eduki gabe, zergatik egingo dute bada euskararen aldeko hautua gazteek?”. Ezinbesteko jo zuen hizkuntzaren eta mundu erreferentzialaren arteko lotura, Iratxe Retolazaren hitzak bere eginez, hizkuntza bat bere horretan ahula baita ez badu inguratu eta babestuko duen mundu erreferentzialik.

Ikastola zergatik eta zertarako nahi dituen honako esaldian bildu du Eskisabelek: “Euskal Herriko hiritar burujabe izan nahi dudan heinean nahi dut ikastola. Euskal Herri beregain horren eskola publikoaren ernamuin eta indar-trakzio izateko”. Beraz, euskaratik eta euskaraz, Euskal Herria ardatz duena eta bokazio publikoa oso-oso presente duen ikastola bat nahi luke.

Areto beteak arnasa berrituta agurtu zituen hizlariak.