Txikian handi

“Haurren kilometroak da hau. Etorkizuna eraikitzea dagokigunak gara” esanez hasi zuten Kilometroak 19 txikia Zarauzko Iñurritzatik. Bertara elkartutako haur guztiei elkarrekin jolastu eta ondo pasatzeko dei bat eginez abiatu zuten jaia. Zirkuitu hasieran ohikoa izaten den legez, Ni, Hi eta Hura prest zeuden guraize handiekin soka mozteko, ibilbidea hasteko. Baina haurrek azti egin zuten dei: “Guk soka saltoan ibiltzeko erabiltzen dugu!”. Beraz, ez moztu, ez lotu, saltoak eginez abiatu ziren ibilbidean barrena.

Herriko trikitilari eta txistulariak izan zituzten bidelagun Iñurritzako biotopotik barrena, malekoiraino. Kantuan, dantzan eta jai giroan iritsi ziren damaraino, eta han erraldoiak ere batu ziren festara. Geldialditxo bat egin zuten txokolate beroarekin haurrek indarrak hartzeko, eta festak aurrera egin zuen gero, herrirantz.

Ni, Hi eta Hura-ren arrakasta azpimarratzekoa izan zen. Haur guztiekin dantzan, saltoan eta jolasean, giro aparta sustatu zuten ikastolako mamorruek.

Bidenabar, Iñurritzan geratu ziren 140 bat haur altxorraren bila jolasari ekiteko. Herriko aisialdi taldeek lagunduta, herri osoan zehar puzzle baten piezak aurkitu behar izan zituzten, Lege Zaharren enparantzan denon artean puzzlea osatzeko. Amaieran ikusi ahal izan zen lanaren fruitua: ‘Ni, hi, hura... ikastola mundura!’ osatu zuten.

Lege Zaharren enparantzan, haur ilarak osatu ziren aurpegia margotzeko, lokarriekin jolasak egiteko... DJek giro aparta jarri zuten, eta eguraldia lagun, egun borobila ospatu zuten.

Antolatzaileek zinez eskertu dute gurasoen laguntza, haurren parte-hartzea eta bereziki dena antolatzen lagundu duten guztiei: "Txistulariak, erraldoiak, trikitilariak, Txipristin, Gurutxurtu... burubelarri aritu dira gurekin antolaketan, eta haiek gabe hau ez zen posible izango!".

Dei bat egin dute lanean segitzera, urriaren 6a are borobilagoa izan dadin.