AURKEZPEN EKITALDIA

Joan zen urriaren 6an, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolak Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako kideen eskutik lekukoa jaso bazuen, abiatu du Kilometroak 2020 antolatzeko bere bidea. ‘Korri, punpa, ttak’ leloa eta jaiaren logotipoa ezagutarazi dira azaroaren 15ean, Villabonako Olaederra kiroldegian burutu den aurkezpen-jaialdian. 

Baita Pauxa maskota ere, irailera bitarte, sarritan batean eta bestean hegaka nola jauzika ikusiko duguna. Jaialdi koloretsua izan da, eta, ikastolako komunitateak ez ezik, erakunde eta elkarte ugaritako ordezkariek nahiz herritarrek parte hartu dute. Iragana eta oraina uztartu dira, Pello Mari Otaño eta egungo herritarrek, euskarari eta etorkizunari keinu eginda. Bertsoa, kantua eta dantza. Kolorea, argia eta doinua. Poza, saiakera eta gogoa. Euskara, ikastola eta etorkizuna. Abian da Kilometroak jaia antolatzeko Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolaren urtea.