Ikastolaren historia biltzen duen liburua kalean da

Urretxu-Zumarraga Ikastolak 2016-2017 ikasturtean ospatu du bere 50. urtemuga. Ospakizunei amaiera borobila eman dio bere ibilbidea laburbiltzen duen liburua argitaratuz. ‘Sustraietatik haziz, hezi’ da argitalpenaren izenburua eta Ikastolaren lehena, oraina eta etorkizuna jasotzen ditu.

Liburuak, gure Ikastolaren 50 urteko historiaren kontakizuna egiteaz gain, Kilometroak 2018 jaiaren leloarekin bat egin duela esan dezakegu: iraganaren, orainaldiaren eta etorkizunaren arteko zubiak batzea du helburu. Nondik gatozen, zer garen eta nora goazen ulertzen lagundu digu, orain arte Ikastolako protagonistak izan garen ikasle, irakasle eta gurasoei ez ezik, etorkizunean etorriko direnei.

          

Hiru atal

Hiru ataletan banatuta dago liburua: historia, pedagogia eta mugarriak. Historia atalean Ikastolaren hastapenak jasotzen dira, bai eta 50 urte hauetan izan duen ibilbidea ere. Hasierako urte gogorrez gain, Garaialde Lizeoaren sorrera edo Pagoetako Haur Eskolaren irekiera nolakoak izan ziren ere kontatzen da. Baita Ikastolak etorkizunari begira dituen proiektuak zeintzuk diren ere.

                            

Pedagogiaren atalak leku nabarmena du liburuan, Urretxu-Zumarraga Ikastolako irakasleek euskarazko ikas materialaren sorkuntzan izandako parte hartzea ezagutzera emanez. Materialgintza profesionalizatu gabe zegoen garaian, buru-belarri aritu ziren Zipristin, Kux Kux, Mega, Haurtxoa, Axelko, Otxoko eta Beleko bezalako liburuak sortzen, Euskal Herriko ikastola guztietan erabiltzeko.

     

Azken atala mugarriak ditu ardatz, hau da, gure Ikastolan aurrera eraman diren ekimen ezberdinak jasotzen dira: mendi irteerak, udalekuak, kirolak eta herri ekimenak. Bati baino gehiagori oroitzapen politak ekarriko dizkie kontakizun horietan bildutako pasarteek.

           

Kolaborazioak

Liburua Amaia Aranburuk eta Maider Izagirrek idatzi dute, eta Eneko Maiz arduratu da diseinuaz eta maketazioaz. Askoz gehiago dira, ordea, bertan parte hartu dutenak. Argazkiak, adibidez, gurasoek, ikasle ohiek, irakasleek… utzitakoak dira. Eta ez dira gutxi izan, liburuak 400 argazki baino gehiago baititu.

Era berean, Ane Miren Ormazabalek eta Maite Arboniesek egindako ilustrazioak ere baditu argitalpenak. Arbonies da, gainera, liburuaren azalaren egilea. Horrez gain, olerki eta bertsoak ere aurki daitezke. Ondorengoak aritu dira: Andoni Salamero, Beñat Torres, Antton Fernandez, Uxue Fernandez, Gorka Azkarate, Gorka Ojanguren, Mikel Iturrioz, Amaia Iturrioz, Izaro Lesaka, Igone Aldama, Maddi Urbizu, Ane Emparanza, Maren Etxeberria, Sara Eizmendi, Iune Gurrutxaga eta Laura Carrasco.

Azkenik, Maite Quevedo, Jose Mari Irure, Idoia Luzuriaga, Amaia Artolazabal, Joseba Plazaola, Eugenio Alonso eta Montse Alkortaren laguntza izan dute ekoizpen lanetan.

Salmenta puntuak

Liburua eskura dago 10 eurotan ondorengo lekuetan:

• Oreka Aholkularitza (Secundino Esnaola, 12)

• Legazpi liburu denda (Soraluze, 4)

• KMK denda (Euskadi plaza, 4)

• Aranguren estankoa (Labeaga, 51)

• Elisabeth ileapaindegia (Labeaga, 7)

• Ikastolako idazkaritza (Pagoeta auzoa, 4)