Txantxiku ikastola

Duela mende erdi ireki zituen lehen aldiz bere ateak Txantxiku Ikastolak – orduan San Migel Ikastola izenez ezagunak – 1967ko irailaren 17an hain zuzen. Zenbait euskaltzaleren ekimenez, euskarazko hezkuntzari bidea zabaldu zitzaion. Baimenik gabe eta Elizaren babesean, San Migel Kooperatibak utzitako gela haren epelean ikasturteari hasiera eman zioten irakasle batek eta 3 urteko 28 ikaslek.

Oñatin (Gipuzkoa, Debagoiena) kokatzen da Txantxiku Ikastola. Gaur egun 978 ikasle, 572 familia, 118 laguntzaile eta 86 langilek osatzen duten herri onurako izaera duen hezkuntza kooperatiba da berau. Haur Hezkuntzatik hasita Batxilergo arteko (0-18 urte) hezkuntza eskaintzen du.

Urteak beste erronka gainditu behar izan ditu Txantxiku Ikastolak bere ibilbidean zehar, eta beti sorrerako helburu eta izaerari uko egin gabe, aurrerapausoak ematen jarraitzen du arlo pedagogikoan. Izan ere, euskarazko hezkuntzak, eta oinarrian Ikastolen izaerak, beti izan du etengabeko berrikuntza pedagogikoa bere baitan. Horrenbestez, Txantxiku Ikastolak Konfiantzaren Pedagogia eta EKI proiektua bezalako zenbait egitasmo hartu ditu oinarritzat.

Eta orain beste erronka bat eskuartean, Kilometroak 2017. Ez da gure Ikastolak ospatuko duen lehen Kilometroak jaia izango. Lehena 1989. urtekoa izan baitzen. Baina aurtengoari ere, ordukoari heldu genion bezain gogotsu eman diogu ongietorria.