MENDIMETROAK ospatuko dute Gipuzkoako Ikastolek

mendimetroak

Duela hilabete batzuk Gipuzkoako Mendi Federazioaren enkarguz, Luix Mari Zulaikak, EHUko Gorputz hezkuntza eta Kiroleko irakasleak, haur eta gazteek mendizaletasuna nola praktikatzen duten aztertu eta ondorioak argitaratu zituen. Horren harira, hitzaldi bat ematera gonbidatua genuen Zulaika pasa den martxoan. Txosten horren emaitzekin kezkaturik, ikastoletatik mendizaletasuna sustatzea erabaki eta MENDIMETROAK ekimena antolatu dugu.

Zertan datza MENDIMETROAK? Kilometroak 2017ko ERRONKA egitasmoaren barruan kokatutako ekintza izango da. Gipuzkoako Ikastola guztietara mendi irteera bat antolatzeko proposamena luzatu dugu. Maiatzaren 21ean Gipuzkoako ikastola guztiak batera aterako gara txangoan, bakoitza bere txokora baina denak egun berean. Gaur egun edozein jarduera fisikoak duen testuinguru lehiakorretatik urrun, txango hauekin mendiak komunitatea sendotzeko duen indarra azpimarratu nahi dugu. Ez da tontorrik behar! Ikastola bakoitzak erabakiko du erreka batera, baso batera, zelai batera edota mendiak eskaintzen duen edozein ingurura joatea.

Aipatu bezala ERRONKAren baitan kokatuko da MENDIMETROAK. Azken urtetan Erronkak hartutako giro lehiakorra alde batera utzi nahi dugu eta parte-hartzea saritu nahi dugu ekimen berri honekin. Horretarako, ikastola bakoitzak webgune honetan zintzilikatuko den euskarri digital bat ekoiztu beharko du: DIN A3 tamainako foto-muntaia bat. Euskarri horretan derrigorrez 3 elementu azaldu beharko dira: Lekaixoka logoa, tokian tokiko ikastolaren logoa eta txangoan parte hartu dutenen talde argazkia antolakuntzak emandako LEKAIXOKA ikurrarekin. 3 elementu hauetaz gain, ikastola bakoitzak erabakiko du nola aberastu bere foto-muntaia: bertsoak gehituz, kronika labur bat idatziz, irteeraren datu praktikoak idatziz, ... Foto-muntaia km17argazkiak@txantxikuikastola.eus helbidera bidali beharko da 2017ko ekainaren 2a baino lehen (egun hau barne). Foto-muntaia hauek irailaren 24ean ospatuko den ERRONKArako puntuagarriak izango dira.