Logoa eta leloa

LEKAIXOKA! Horixe da Irailaren 24an Oñatin ospatuko den Kilometroak 2017ren leloa. Lekaixo berbak, oihua, txilioa, irrintzia, deiadarra esan gura du. Aspaldiko euskaldunek erabiltzen zuten deia, irrintzia eta oñatiarrez lekaixua, abisuak pasatzeko, arazoak komunikatzeko zein urrun zeudenei hurbiltasuna adierazteko. Oinarrian, gure arbasoengandik jaso dugun herri ohitura, irrintzi, doinu eta berbaren komunikatzaile berriak gara.

Lekaixoka berbaren oinarrian, auzolanaren ideia dago. Hortik, auzolanetik sortu eta sortzen garelako, Txantxiku Ikastola bera ere orain dela 50 urte auzolanetik sortu eta hazi delako. Horregatik, auzolana da Kilometroak jaiaren oinarria.

LEKAIXOKA! adierazten duen Irudia, lekaixoa bera da. Irrintziaren soinu uhinaren errepresentazioa izateaz gain, formak Oñatiko Aloña mendiko gailurreriaren irudia ere islatzen du.

Irudia Txantxiku Ikastolako hiru ikasle ohien artean sortu dute: Xanti Ugartek, Amaia Martinez de Arenazak eta Ander Etxanizek.